Elkartea

ArkeoGazte

Arkeogazte 2011ko hasieran jaio zen arkeologia ikertzaile gazte talde baten eskutik. Helburua, gai eta garai kronologiko desberdinetan lan egiten duten pertsonen arteko eztabaida eta elkarlana izan zen. Proiektu honi hasiera eman genionetik, hainbat dira aurrera atera ditugun jarduerak. Aldizkakotasunez antolatzen jarraitzen ditugun artean aipagarriak dira urteroko Arkeologia Tekniken Formakuntza Ikastaroa, bazkideen proiektuen aurkezpenak, Topaketak Arkeologia Ikertzaile Gazteekin eta gune historikoetara egindako txangoak, Bidaiak Iraganera deiturikoak.

Horrez gain, Arkeogazte Aldizkaria gure proiektu esanguratsuenetariko bat da. Elkartearen sorreratik urtero argitaratu dugu eta arkeologia ikertzaile gazteen ikerketa proiektuak azaleratzeko dugun biderik zuzenena da.

Arkeogazteren helburuen artean hauek ditugu:

  • ikerketa arkeologikoa bultzatzea; ikertzaile berrien elkarlana eta elkarrizketa sustatzea
  • ikertzaile gazteen formakuntza bultzatzea bai ikerketan bai irakaskuntzan eta arlo profesionalean
  • ondare arkeologikoaren ezaguera eta zabalkuntza sustatzea; arkeologian lan egiten duten ikertzaileen interes eta lan askatasuna defendatzea
  • helburu berdintsuak dituzten beste arkeologia ikertzaile gazteen elkarteekin eta erakundeekin elkarlana bultzatzea.